XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

kanpo utzi beharko litzateke, sexu bati bestearen ahuleziak eman besterik egingo ez lukeenean; eta zahartzaro negargarri baterako prestatu, gaztaro lotsagarri batengatik.

Delitu horretaz esango dudanak bere laido guztiak utziko dizkio, eta tiraniaz arituko naiz bakarrik, hari eduki behar zaion laztura ere gehiegikeriaz erabil baitezake honek.

Delitu hori berez ezkutukoa denez, maiz gertatu izan da legegileek haur baten aitorpenean oinarrituta zigortu izana.

Hori kalumniari atea zabal-zabal irekitzea zen.

Justinianok, dio Prokopiok, lege bat eman zuen delitu horren kontra; errudun zirenak bilatu zituen, ez bakarrik legea indarrean jarri ondorengoak, baizik eta aurrekoak ere bai.

Lekuko baten aitorpena, batzuetan haur bat, beste batzuetan esklabo bat, aski zen; batez ere aberatsen kontra, eta berdeen taldekoak zirenen kontra.

Gauza bitxia da hiru delitu magia, heresia eta naturaren kontrako delitua gure artean suaz zigortu izana.

Horietaz hauxe esan liteke: lehena ez dela existitzen; bigarrenari ezin konta ahala bereizketa, interpretazio, mugapen egin dakizkiokeela; hirugarrena, oso maiz, ilun gertatzen dela.

Esango dut naturaren kontrako delituak inoiz ez duela aurrerapen handirik egingo gizarte batean, baldin eta ohituraren batek ez badu herria hartara eramaten, greziarren artean bezala, non gazte-jendeak biluzik egiten baitzituen bere ariketa guztiak; gure artean bezala, non etxeko heziketa usadioz kanpo dagoen; asiarren artean bezala, non norbanako batzuek emakume ugari eduki eta mesprezatu egiten baitituzte, besteek ezin eduki ditzaketelarik.

Ez bekio bide eman delitu horri; legez kanpo utz bedi jokabide gogor baten bitartez, eta laster ikusiko da naturak edota bere eskubideak defendatzen dituela, edota berriro hartzen dituela.

Naturak ezti, gozo, xarmant esku-zabal hedarazi ditu plazerrak; eta gozamenez bete gaituelarik, gozamen horiek baino atsegin handiagoetarako prestatzen gaitu berriro jaioarazten gaituzten nolabait esan behar eta seme-alaben bitartez.

VII Lesa majestate delituaz

Txinako legeek diote enperadoreari begirunea galtzen dion edonori heriotza-zigorra eman behar zaiola.